Astelena haur parkea, izotz-pista eta barrakak izango dituzte etxeko txikienek

Aurten berriz ere ohiko jarduerak egingo dira: besteak beste, Astelena frontoiko haur parkea, Errebal Plazan ipiniko den izotz-pista eta Anbulategian, Txantxa-Zelain eta Urkizuko parkean barrakak egongo dira.

Abenduaren 23an zabalduko ditu ateak Astelena frontoiko haur parkea, eta, harrera oso ona izaten duenez, jarduera martxoaren 9ra arte luzatuko da. Eta egun berean, abenduaren 23an,  ipiniko da martxan patinatzeko izotz-pista ere, Errebal Plazan, urtarrilaren 6ra arte. 

Bestalde, abenduaren 22tik aurrera, Anbulategian, Txantxa-Zelain eta Urkizuko parkean barrakak egongo dira martxan, abenduaren 30ra arte, eta hilaren hasieraz geroztik anbulatorio pareko parkean dagoen karrusela otsailaren amaiera aldera arte egongo da martxan. 

Aipatutako guztietan ibili ahal izateko txartelak herriko denda eta tabernetan banatuko dituzte, 20 €ko gastua egiten duten bezeroen artean. Bonuei esker, kasu batzuetan ez da sarrerarik ordainduko eta beste batzuetan sarrera merkeagoa izango da.