…eta kitto!-k “Nirekin hasi euskaraz” kanpaina abiatu zuen atzo herriko 27 tabernatan

Herriko tabernetan euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimena maiatzaren 29ra arte egongo da martxan.

Ekimenak taberna-giroan euskararen presentzia eta erabilera indartzea du xede, eta horretarako hainbat baliabide banatu dituzte herritarren eta ostalarien artean.

Kanpainan parte hartu nahi duten ostalariek leloa daraman pin-a eramango dute soinean. Horren bidez, bezeroei adieraziko diete haiengana hurbiltzean lehen hitza edo agurra euskaraz egiteko aukera dutela. Herritarrek, berriz, pegatinak izango dituzte eskura tabernetan bertan eta …eta kitto! astekarian.

…eta kitto!-ren esanetan, dinamika sinplea izan arren, keinu txikiek eragin handia izan dezakete: lehen hitza euskaraz egiteak edo agur bat euskaraz luzatzeak euskarari bidea irekitzen diola azpimarratu dute.

Gainera, euskaraz ez dakitenentzat edo gutxi dakitenentzat lagungarriak izan daitezkeen euskarriak jarri dituzte tabernetako barretan. Bertan, egunerokoan erabiltzeko moduko esaldi errazak bildu dituzte, herritarrek gutxienez agurra euskaraz egiteko aukera izan dezaten.

Prev Post
Eibar Loratzen: tokiko merkataritza kalera aterako da maiatzaren 21ean
Next Post
Bidezko Merkataritzaren azoka egingo da maiatzaren 23an Bizikleta Plazan