Ekimenaren helburua da lokalen alokairua edo salmenta sustatzea eta herriko kale komertzialen irudia hobetzea. Biniloak egin eta jartzearen kostua Udalak hartuko du bere gain.
Eibarko Udalak programa bat jarriko du martxan hutsik dauden merkataritza-lokalen erakusleihoak txukundu eta erakargarriago egiteko. Horretarako, binilo apaingarriak jarriko dira lokal horietan, salgai edo alokagai daudela adierazteko eta kaleen itxura hobetzeko.
Programa Barrena, Barakaldo, Karmen, Arragueta eta Urkizu kaleetako —azken horretan, bi aldeetan— erakusleihoa duten lokal hutsei zuzenduta dago.
Eskaerak uztailaren 6tik 24ra aurkeztu ahal izango dira. Hautatutako lokalen jabeek hitzarmena sinatuko dute Udalarekin, eta erakusleihoa egoera onean mantendu beharko dute, biniloa gutxienez urtebetez jarrita edukiz, lokala lehenago saldu edo alokatzen ez bada.
Interesa dutenek eskaera PEGORAn edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dute. Horretarako, lokalaren azalera eta erakusleihoaren neurriak jasotzen dituen agiria eta gutxienez argazki bat aurkeztu beharko dira.