Eibarrek “Rexcatering” egitasmoa indartu du, Hondakin Zero hozkailu gehiago jarrita.

Udalak bi gune berri ireki ditu Errebalen eta Urkin, elikagaiak doan jasotzeko. Horrela, beste lau ikastetxe batu dira elikagaien xahutzearen aurkako ekimenera.

Eibarrek sendotu egin du ekonomia zirkularraren aldeko apustua. Egogaingo lehen “Hondakin Zero Hozkailua”k oso harrera ona izan du —bertan utzitako errazio guzti-guztiak aprobetxatu dira—, eta, arrakasta horren ondoren, Rexcatering zerbitzua herriko beste gune batzuetara zabalduko da, eskola-jantokietako soberakinak alferrik gal ez daitezen.

Non aurkituko dituzu hozkailu berriak?

Hemendik aurrera, Eibarren hiru puntu egongo dira janari-errazioak doan eta egoera onean jasotzeko:

  1. Egogain zentroa: Egogain, J.A. Mogel Ikastola eta La Salle Isasiko jantokietako elikagaiekin.
  2. Errebal Plazia (Merkatua): San Andres eta Aldatzeko ikastetxeetako elikagaiekin.
  3. Urki 16 (Arkupeak): Virgen de Arrate ikastetxeko elikagaiekin.

Ekimena Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute, eta ikasleen zein sukaldeko langileen inplikazioa funtsezkoa da: haiek arduratzen dira janaria ontziratu eta etiketatzeaz. Jon Iraola alkateak azpimarratu duenez, “xahuketa baliabide bihurtzen ari gara; ekonomia zirkularraren benetako adibidea da”.

Prev Post
Antxon gozotigiak ateak itxi ditu 80 urtez eibarko etxeak gozotzen egon ostean
Next Post
K-bitamina-ren atal berria: oraingoan gizonezkoen modaren inguruan