EGOAIZIA GKEak “Eibar Eraldatuz” kontsumo arduratsuaren kanpaina jarri du martxan Eibarren, herritarren artean kontsumo kontzienteagoa, jasangarriagoa eta hurbilekoa sustatzeko. “Ohitura txikiek herria eraldatzen dute” lelopean, ekimena uztailean hasi zen eta abenduaren 15era arte egongo da indarrean.
Kanpainak Eibarren dauden kontsumo alternatibak ezagutaraztea du helburu, eta horretarako mapa digital bat eskaintzen du, tokiko, ekologiko, bidezko merkataritzako, berrerabilpeneko edo ekonomia solidarioko saltoki eta zerbitzuak aurkitzeko. Ekimenak 2021etik ari da lanean Eibarko Udalaren laguntzarekin.
Gainera, “Eibar Eraldatuz Txartela” osatzeko aukera dago. Sareko hiru establezimendu desberdinetan erosketak egin eta hiru zigilu edo kode lortuz gero, txartela urriaren 24an Errebalen egingo den Kontsumo Arduratsuaren Azokan trukatu ahal izango da, 5 euroko bale baten truke. Balea kanpainako establezimenduetan erabili ahal izango da abenduaren 15era arte.