Baratze Gourmetek Eibar ordezkatuko du Debabarrena Gourmet ekimenean

Baratze Gourmet izango da Eibarko ordezkari bakarra aurten “Debabarrena Gourmet” ekimen gastronomikoan. Debabarreneko gastronomia balioan jartzea helburu duen ekimenak hirugarren edizioa egingo du aurten, eta apirilaren 10etik 30era bitartean eskualdeko zazpi jatetxek menu bereziak eskainiko dituzte.

Baratzerekin (Eibar) batera, honako hauek ere hartuko dute parte aurtengo edizioan: Belaustegi (Elgoibar), Hiru Bistro eta Urgain (Deba), Pikua (Mutriku), Trabakua Behekoa (Mallabia) eta Salegi (Itziar). Guztira, zazpi establezimenduk osatuko dute aurtengo proposamena.

Ekimenaren helburua da eskualdeko sukaldarien lana eta bertako produktuen balioa nabarmentzea, eta horretarako jatetxe bakoitzak bere menu berezia prestatu du. Aurtengo “Debabarrena Gourmet” menuak 65 euroko prezioa izango du, eta zazpi plater bilduko ditu: aperitiboa, bi hasierako, bi plater nagusi —arraina eta haragia— eta bi postre. Horrez gain, menuak ogia, edaria eta kafea ere barne hartuko ditu.

Menua probatu nahi dutenek jatetxean bertan egin beharko dute erreserba, eta “Debabarrena Gourmet” menua eskatu.

Menua guztiak ikusi: https://debabarrenaturismo.com/gastronomia/debabarrena-gourmet-2026/

Prev Post
Intersport Askasibarrek ateak itxi ditu Eibarren, erretiroa dela eta
Next Post
Eibarren erosteak saria du: badator 50 euroko 60 opari-txartelen zozketa