Eibarrek ostegun honetan piztuko ditu Gabonetako argiak

Datorren ostegunean, azaroaren 26an, emango zaio hasiera Gabonetako giroari Eibarren, hiriko argiak pizteko ekitaldiarekin. Ospakizuna Errebalen izango da, 18:00etatik aurrera.

Eibarko Merkatari Elkarteak antolatu eta finantzatu du ekimena, Eibarko Udalaren laguntzarekin. Helburua Gabonetan herriko kaleak girotzea eta tokiko merkataritzari zein ostalaritzari bultzada ematea da.

Adin guztietako herritarrei zuzendutako ospakizuna izango da. Haurrek txokolate beroa dastatzeko aukera izango dute, eta helduentzat cava izango da. Gainera, Miren Gisasola DJak musika jarriko du, arratsaldea girotu eta jai-kutsua emateko.

Antolatzaileek eibartar guztiak gonbidatu dituzte Errebalera hurbiltzera, Gabonetako argien pizteaz gozatu eta urteko garai berezi honi elkarrekin ongietorria emateko.

Prev Post
Euskeraz Primeran! Merkataritza Galak euskararen aldeko konpromisoa aitortu du